Hayao Miyazaki

Hayao Miyazaki

Duela 80 urte, 1941eko urtarrilaren 5ean, Tokion jaio zen Hayao Mizayaki, egungo anime zuzendari garrantzitsuenetako bat.

Zientzia Politiko eta Ekonomikoak ikasi zituen, nahiz eta animazioa bere bizitzan presente egon. Ikasketak amaitu ondoren, zenbait animazio-enpresatan ibili zen, eta 1985ean Studio Ghibli sortu zuen, Isao Takahata, Heidi eta Marcoren sortzailearekin eta Toshio Suzukirekin batera.

Hayao Miyazakiren zinemaren eraginak askotarikoak dira. Artearen alorrean, bere lanean nagusi den estetika mangarena da. Horrela, 12 urtez marraztutako eta Animage aldizkarian argitaratutako Nausicaä del Valle del Viento izan zen bere lehen filmaren oinarria. Transkulturalitatea da bere lanaren beste ezaugarrietako bat; izan ere, ezin da alde batera utzi europar kulturak narrazioan duen eragina eta Japoniako tradizioarekin duen sinbiosia. Bere familiak ere berebiziko garrantzia du, izan ere, amarekiko miresmena emakume indartsuen pertsonaietan islatuko du eta hegazkingintzarekiko maitasuna bere aitaren lanbidetik sortu zen, hegazkin piezak egiten zituen enpresa bateko zuzendaria. Era berean, ingurumen-ekintzailea izanik, naturak garrantzi handia hartzen du bere agertoki guztietan.

Esan daiteke bere arrakasta berrikuntzaren eta japoniar tradizioaren arteko orekan oinarritzen dela, beti talde egonkor batez inguratuta eta kalitate tekniko altuarekin eta, noski, istorio oso onekin. Hollywoodeko akademiak ere hala aitortu du, 2014an Ohorezko Oscar saria eman baitzion, eta El viaje de Chihiro animeko lehen filma izan zen, animaziozko film luze onenaren Oscar saria jaso zuena.

Miyazakiren filmografian haurrentzako zein helduentzako film erakargarriak aurkituko dituzu, Sareko liburutegietan aurkituko dituzunak.

Etiketak:
,
No Comments

Post A Comment