La desaparición de los rituales / Byung-Chul Han

La desaparición de los rituales / Byung-Chul Han

Erritoak ekintza sinbolikoak dira. Komunitate bat kohesionatuta mantentzen duten balioak eta ordenak transmititu eta adierazten dituzte. Komunikaziorik gabeko komunitate bat sortzen dute, eta gaur egun komunitaterik gabeko komunikazioa da nagusi.

Horrela hasten da Byung-Chul Han filosofoaren liburu berri hau, gizartea bere nartzisismo kolektibotik askatzeko gai izango liratekeen bizimodu alternatiboei buruz gogoeta egiten duena.

Imajinatuko duzuenez, asko gustatu zaigu. Ez da erritualei buruzko liburu hutsa, gai sakonago eta gaurkotuago bati heltzen dio, komunitatearen higadurari. Eta erritualek, beren adierazpen zabalenean, nola eraldatzen duten “munduan egotea” “etxean egotea” bihurtuz, denbora bizigarriagoa bilakatuz.

Kortesiak, abegitasunak, ohiturek (ez errutinek) komunitate gisa elikatzen gaituzte, eta, aldi berean, produktibitatearen zurrunbilotik erauzi egiten gaituzte, gizarte berri honetan hautematen dugun egonezinerako medikuntza onbihurtuz.

Gizarte erritualak ez du enpatiarik behar, erresonantzia-kutxa baita. Gizarte atomizatu batean, hain zuzen, enpatia eskatzen da zarata handiarekin

Ez da gai berria, pentsalariek eta idazleek landu izan dute, zuzenean edo eleberrietan. Baina gaurkotasun guztia duen gogoeta iruditzen zaigu, uler dezagun pandemia honek, ez bakarrik ekonomikoki, ez bakarrik gure etxekoen osasunarekin lotutako beldurragatik, ez bakarrik gure doluengatik, baizik eta komunitate gisa ere, defentsa-gabeziaren eta isolamenduaren sentimendua zergatik areagotzen ari den. Distantzia soziala, hain sinplea ematen duen kontzeptua, metro bat hartu eta zentzuzko distantzia batera kokatzea bezain sinplea, liburu honek zeinen sakonki astintzen gaituen ulertzen lagunduko digu.

Kafe bat hartzera jaistea, urtebetetze ospakizunak, udako jaialdiak, irailean Olarizura igotzea, maiatzean Estibalizera joatea, burutu gabeko hiletak, gure jaiak… Ospatzeke dagoen guztiaren zerrenda amaiezina bihurtu da. Itzuliko dena. Bitartean, zaindu gure buruak eta zaindu dezagun gure komunitatea. Berregin ditzagun gure zeremoniak familian ospatzeko, baina ez ditzagun alde batera utzi.

Ekoizteko presioak jolasetarako eta narrazioetarako espazioa suntsitzen du... Algoritmoek zenbakitu egiten dute, baina ez dute kontatzen

Baita ere
Etiketak:
No Comments

Post A Comment